Doctor Deseo taldea arrastoa garbi uzten ari den taldeetako bat bilakatu da dagoeneko, arrastoak, ezpain-margo marrak, desira susmakaitzak, musika eta samurtasuna, testu berezi eta nahastezinak, eta jarrera bizkorreko jite estetikoa. Doctor Deseo taldearen lehen urratsak 1986ko Bilbo hartan hasi ziren. Urteak dira eta aldaketak ere izan dira talde barruan, oraindik, ordea, Josik eta Francisek hor segitzen dute, euren erabide grina iraunkorra manteduz.
QUE AMANECE DE NUEVO
Doctor Deseo taldearen hamabigarren diskoa (Deseo: cartografía imposible) 2009ko abenduan eta 2010eko urtarrila eta otsaila artean grabatu da Iñaki Uohoren Etxean, Muxika (Bizkaia). Grabazio eta produkzio teknikaria eta nahasketa arduraduna Iñigo Etxebarrieta izan da, gehi ahotsak 5. abestian, perkusioak eta panderoak. Masterizazioa Iñaki Antón “Uoho”ren eta Iñigo Etxebarrietaren lana izan da. Musika, testuak eta ekoizpen artistikoa Francisek egin ditu. Diseinua Lur Merinorena da eta argazkiak Txema Francorenak. Musika laguntzaile franko izan da, besteak beste: Leioa Big Band (Oskar Garcia, zuzendaria), Agustín Perez (biola), Leire Maturana (ahotsak 1, 3, 4 eta 6 abestietan, Shipley-k grabatu ditu), Aiora Renteria (ahotsak 7an), María Martín (ahotsak 2an), Anari (ahotsa 8an), Mikel Piris (flautak eta saxoa), Periko Ráez (bateria 9an eta perkusioak), Guillén Canós (tronpa), Karlos Gimenez (soka programazioa 3an). 7garren abestiaren hitzak Edorta Jimenezen Haragizko amoreak liburutik hartuta daude. 10garren abestiko konponketak Oskar Garciak egin ditu.
Doctor Deseo taldearen hamabigarren diskoa (Deseo: cartografía imposible) osatzen duten abestiek ez diote inolako menpekotasunik zor patologiaren zientziari. Doctor Deseo taldearen abestiek desiraren arlo alkimikoaren ibilaldi estetikoan dute oinarria. Doctor Deseo taldeak gorputz-eskalara egokitutako lur eremua josi, eratu eta eraikitzen du, non ingurumari guztiak arakatu, bilatu eta birbilatzen diren zentzumenen kontzientziatik eta baita iparrorratzaren ikuspegitik ere, zeinak beste lau puntu-kardinalen zentzua adierazten duen. Instintoak ez dira xede nagusitzat hartu baizik eta bat-bateko uneak bezala aldaketarako, ekintzarako, desplazamendurako eta ekimenerako ahalik eta mugimendu gehien sortaraziz musika atalean eta baita gizakiaren etorkizunaren giza libidoan ere. Mugen estetika kardinaletik idatzitako hamar abesti, ekialde urruneko musikaren dirdira iheskor eta lausotuarekin, mendebaldeko lurrinarekin nahasturik, eta iparraldetik irakurritako hegoaldeko doinuekin; kantuen nomadismo fisiko eta psikologikoa da, ezinezkoa den kartografia ozartasun batez gozatzeko. Doctor Deseo taldeak egunerokotasuneko subjetibismo psikotopologikoaren logikarekin idatzi ditu abestiok, azelerazioaren indarretatik urrun. Doctor Deseo taldeak funtsezko kolpea duen konbinazio hedoniko eta ludikoa marraztu du, aldeek aurretiaz adostutako elkarrekiko kontratua sinatuta, non fantasia oro lortzea den gogoa ailegatzeko borondatezko intersubjetibitatera. Doctor Deseo taldearen diskoak gizartean ezarritako ordenak suntsitzeko energia arriskutsuaren gogoa du. Doctor Deseo plazeren aritmetika da, pasioen fisika, emozioen kimika edo, beste modu batera esateko, ilusioaren ezinbesteko desira.