LOR

Musika, Rocka zentzu zabalenean, terapia izan daiteke eguneroko afera eta arazoen aurrean. Anplifikadorean argi gorritxoa piztu eta bolumena igotzean, egunerokotik ihes egiten dugu edo aurrez aurre borrokatzen gara haren kontra. Gitarra riff batean, bonboaren bihotz-taupadetan edo baxuaren lau soketan murgildurik, musikak irauten duen bitartean askeago sentitzen gara, libreago. Horrela ulertzen dute LOR taldeko hiru lagunek musika; horrela sentitzen dut nik ere. Egunero apur bat hiltzen gaituenaren aurrean, biziaren terapia: Rock Terapia.

ROCK TERAPIA

LOR taldekoak ez dira hasiberriak musikaren mundu honetan. Kimetz Blanco (baxua), Lander Irazola (gitarra eta ahotsa) eta Ramiro Untzetak (bateria) 1998 urtean eman zioten hasera LOR egitasmoari. "Lortuko dugu!" oihukatu eta musika tresnak kolpatzen hasi ziren ume koxkor batzu zirelarik. Musika zainetan, ilusioa odolean borborka, pauso trinkoez egin dute gaurdainoko bidea, tartean iraupen luzeko bi disko ( LOR (2004), Bakoitzari berea (2006) ) eta ehunka kontzertu burutuz. Bidean, Kimetz Zenitagoia “Dumy” taldeko bigarren gitarra-jotzailea geratu zen, beste abenturetan murgilduta egun.
Laukote izatetik hirukorako bidean, talde estrategia aldatu behar izaten da ezinbestean. Taula gainean gitarra bat gutxiago izateak, disko honetarako kantuak zuzenerako prestatzera eraman du taldea. "Rock Terapia" zuzenean aritzeko pentsatua dagoen disko bat da inolako zalantzarik gabe. Azken emaitza, gehiegizko lorerik gabeko Rock zuzena da: Rock musikaren sustraietara eginiko bidaia. Diskoa hasteko lehen bateria kolpetik aurrera, etenik gabeko energia transmisioa dago, gitarra riff bakoitzean, baxu fereka bakoitzean...
Musikalki ere badago garapenik disko berrian. Urte hauetan guztietan taldearen bizkar hezurra rock musika izan den arren, lehen urrats horiek metal giroetan oinarritzen ziren, garaian entzuten zituzten kantuen ispilu. Honakoan berriz, apenas daude metal zertzelada batzuk, rocka nagusitzen delarik gauza guztien gainetik. Era berean, ez dago lekurik "balada" edo kantu mantsoentzako LOR taldeak disko honetarako prestatu dituen 10 kantuetan. Egungo norabidea argia da: rock musika. Gaitza suertatu daiteke esatea 24 urteko bataz bestekoa duen musika talde bat nagusi egin dela dagoeneko. Alta, hamar urteko ibilbidearen ostean eta hirugarren disko bat aurkezten gainera, erraz uler daiteke esandakoa.
"Rock Terapia" zuzenean jotzeko kantuez osaturik dagoela aipatu dugu. Beraz, eskenatoki aurrean topatuko gara. Ongi etorriak Rock Terapiara!  

Kontzertuak